martes, 18 de septiembre de 2012

Aparkaleku berriaren eraikuntzak mugikortasun arazoak sortu ditu Leioako EHUn


Jon ZABALA BURGOA
Mugikortasun arazoak sortu dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Kanpuseko aparkaleku berriaren obrek. Obra hauek burutzeko aparkaleku bat kendu behar izan da eta ordezko bat jarri da errepidearen beste aldean. Autoa aparkatu ondoren jendeak errepidea auto artetik zeharkatzen du, horretarako dagoen zubia erabili gabe. Horren aurrean EHUko Bizkaiko Kanpuseko errektoreorde Carmelo Garitaonandiak mezu bat argitaratu du zubia erabiltzearen garrantzia azpimarratuz.

Obrak duela bi hilabete hasi ziren, Odontologia eta Medikuntza fakultateen aurrean. Bertan 1.200 aparkaleku, autobusentzat 20 nasa eta aterpea eraikiko dira. “Arren eskatzen dizuet erabiltzeko oinezkoen zubia eta bidea biribilgunea zeharkatzeko”, esan du Garitaonandiak. Horrez gain aparkaleku berriaren eraikuntzak eragin ditzazkeen eragozpenak “ulertzen” dituela baina obrak bukatzean “guztiontzat onura” ekarriko duela esan du. 

Ikasle askok kexak agertu dituzte obra berri hauen aurrean. Ander Badiola markinarraren esanetan, “plan estrategiko bat beharrezkoa da mugikortasun arazoak konpontzeko”. Horrez gain, bere iritzia eman du arratsaldeetan kanpusari ematen zaion erabilerari buruz. “Klaseak arratsaldez ematea ez da bidea nire ustez, horrek errendimendua jaisten baitu”, adierazi du Badiolak. Obrak 2013ko irailerako bukatzea espero da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario